Memoria vintagearen xarma


    Liburu bat komentatzeko lehen pausoa liburua bera, objektua, aurkitzea da. Etxean aurkitzea, erran nahi baita. Liburutegiaren arabera, ez da iduri lukeen bezain lan erraza. Liburutegiak lorategi frantses baten antza badu, aise harrapatuko dugu edozein ale; nireak, berriz, oihan tropikal bat bezala neurririk gabe hazteko eta etxeko geletan kontrolik gabe hedatzeko joera duenez, franko lan izan dut lerro hauetarako behar nuen liburua kausitzen. Haren bilaketa frenetikoan, banituenik ere oroitzen ez nintzen liburu dezente azaldu zaizkit –horrela bederen ez ditut berriz oharkabean erosiko–, eta Kataluniako literatura guzia atera zait bidera: Irene Solà, Melcior Comes, Mercè Rodoreda, Empar Moliner, Juli Vallmitjana… Eta Sergi Pámies. Uste dut etxeko gela guzietan Pàmiesen gutienez liburu bat dagoela. Berriki, Grant Sniderren I Will Judge You By Your Bookshelf (Zure libuturegiaren arabera sailkatuko zaitut) komikia gaztelaniara itzuli dute, Lo que tu biblioteca dice de ti gisa. Zure liburutegiak zutaz zer erraten duen, alegia. Nireak, nitaz, deus onik ez.


Vicenç Pagès Jordà, Memòria vintage. Azala ere ezin da ederragoa izan.


    Etxeko apalategietan Kataluniako liburuen loratze oparoak bat-batean ohartarazi dit niretako tarteka katalanezko literaturan sartzea pareko barrideen etxean sekretuan sartzea bezala dela. Inguruko asotsek edota barneko bakardadeak gogaituta, Komando Operazio bat artoski prestatu eta baimenik gabe ondoko etxea inbaditzea bezala, pixka bat Vicenç Pagès Jordà-ren Robinson nobelako protagonistak, H.-k, egikaritzen duenaren antzera, ohatze gainean amets egitea aski ez zaiolarik.

    

    Berrogeita hemezortzi urte zituela hil da aurten Vicenç Pagès Jordà; ez da bakarra: literaturarako aski zoritxarreko gertatzen ari den urte honetan bertze batzuk ere joan zaizkigu: Domingo Villar, Iñaki Segurola, Javier Marías. Eta, errana dut, Vicenç Pagès Jordà. Udan, arruntean liluratu ninduen Memòria Vintage irakurria nion, iraganiko denbora baten eta vintage edo zaharkitu bilakaturiko praktika batzuen hiztegi ttikia dena; azpitituluak zehazten duen bezala, gizakia ilargira ailegatu zenetik Pulp Fictionera. Maite ditugun idazleak destenorean hiltzen zaizkigu beti, eta horregatik agian ez da guziz tokiz kanpo destenorean idatziriko blog honetan gogora ekartzea –destenorean, nondik begiratzen zaion, zeren gaur, azaroak 14, salgai paratuko baita Vicenç Pagèsen liburu postumoa, Kennedyana, edo hala dago behinik behin iragarria– eta uzten diguten hutsunea betetzen saiatzea.

   

    Absència da Pagèsen liburuko lehendabiziko solasa –Marlene Dietrichen ABCren edizio ingelesean bezala, bidenabarkoan erranda; alemanezkoan, berriz, Aberglaube da, sineskeria: sineskeria ote da joandakoak idatzitako liburuetan gelditzen direla pentsatzea?–; euskaran absentzia badugu ere, aukeran efera joan beharko genuke –falta– edo era –eskasia–. Baina euskaraz joaten garen letrara joaten garela, hasmentako absència horrek xarmanki definitzen du Memòria vintagek iruzkingai duen denboraldia –“Perspektibarekin begiratuta, hiruretan hogeita hamarreko eta lauretan hogeiko urteetan nabarmena da gaur egun bizitzeko ezinbertzekotako jotzen dugun guziaren falta”– eta ederki du ezartzen definizio gehienetan nagusi den tonu distantziaduna, zehatza, ironikoa eta puntu bat malenkoniatsu baina nostalgiarik gabea.

    

    Liburua, gaztigatzen digu egileak hasmentako oharrean, zernahi hurrenkeratan irakurtzen ahal da, Atik Zra, nahi badugu, edo solas batetik bertzera saltoka, eta sarrera bakoitzaren akaberan letra beltzezko hitzek markatutako bideari jarraiki. Eta diccionari sarreran, liburuan ez dagoela hierarkiarik erraten digu, ordena alfabetikoak kontzeptuak ustekabean elkarren ondoan aurkitzea posible egiten duela: “baliteke”, dio Pagèsek, “hiztegi honetako laurehun sarreretarik bi edo hiru gainerakoak baino errelebanteagoak izatea, baina ez dakigu seguru zein diren”. Nik ere ez dakit seguru, baina bat azpimarratzekotan, asperdura azpimarratuko nuke; tedi, jatorrizko bertsioan. Teknologia berriak hedatu baino lehen, hau da, gaur egun bizitzeko ezinbertzekotako jotzen dugun guzia hedatu baino lehen –sakelako telefonoa, Internet, plataformak…–, asperdurak bulkatuta egiten genituen egiten genituen gauza anitz. Tequila taldeak alkohola proposatzen zuen unaduraren konponbide gisa; Mecanok, berriz, “eraikitzaileago”, liburu bat edo aldizkari bat irakurtzea. “Hona hemen asperduraren alternatiba nagusiak: mozkortzea, ardoaz edo poesiaz, Baudelairek Horditu zaitezte poeman aldarrikatzen duen bezala”.


Vicenç Pagès Jordà

Alternatiba horiek vintage bihurtu dituena, naski, ez da asperdura desagertu izana, asperdura saihesteko edota atzenarazteko manera berri eta bizkorragoak sortu izana baizik. Vicenç Pagèsek ez du iraganeko denbora guzia hobea izan delako topiko nekagarria sekulan erabiltzen; aitzitik, aski begirada desmitifikatzailea izaten du maiz. Lehenago jendeak gehiago irakurtzen zuela? Bai, horixe, baina kontua da, llegir sarreran dioen bezala, “hiruretan hogeita hamarreko eta lauretan hogeiko hamarkadetan irakurtzea ez zela gutiengo intelektualizatu baten patrimoniotako hartzen, aisia jarduera bat zen, kartetan aritzea edo zinemara joatea bezala”; aisialdia betetzeko bertze aukera batzuen faltan, normala zen irakurtzea. Llavors llegir no feia vell - Orduan irakurtzeak ez zizun zahar itxura ematen. Orain, bai, ordea, kasik blog batean idazteak bezainbertze.


Iragana ez dela beti hobea izatea onartzeak ez dakar gaur egun nahitaez hobera egin dugula pentsatzea. Memòria vintageko sarreretan ez da horren kontura ohar ironikorik falta. Nik Sylvia Kristeli eskainitakoa maite dut: “Mito erotiko hark, halere, ez zuen gluteo kardashiandarrik, ezta Felliniren estankoko dendariaren moduko bularrik ere, eta, batez ere, ez zuen pin-up baten postura bortxaturik hartzen, eta ez zuen mingaina narrasti baten antzera mugitzen, ezta atzeratua balitz bezala hitz egiten ere. Haren ezaugarririk nabariena begirada zintzo eta bizkorra zen. Argala, osasuntsua, naturala, dibertigarria, lotsagabea, freskoa eta dotorea zen, erotikoagoa pornografikoa baino, hiruretan hogeita hamarretako girl next door delakoa, Guido Crepaxek marrazten zuen Valentina bezain desinhibitua. Lau hizkuntzatan bazekien –bortz, iturriaren arabera– [...]. Bai, honetan ere atzera egin dugu”. Sarrera batean baino gehiagotan, katalanaren ahoskera pobretuz joan dela nabarmentzen du; 1975eko Canet Rock musika festibalaren harira Àngel Casasek –hau ere 2022ko dolu zerrendan gehitzekoa– eginiko dokumentaleko elkarrizketa batzuk direla eta, zera dio Pagèsek: “[elkarrizketatu] gehienek mirestekoak diren soinu frikatiboak eta bokal irekiak ahoskatzen dituzte. 1975ean, [Jaume] Sisa bezalako bartzelonar militante batek katalan garbiagoa erabiltzen zuen gaur Empordàn aditzen dena baino”. Katalunian, bistan dena, Fermin Etxegoien baten beharrean daude, problema linguistiko konplexuetarako konponbide sinpleak eskainiko lituzkeena –adibidez: gure sistema bokalikoa konplexuegia da, kopia dezagun euskaldunek egiten dutena, haiek bortz bokal bertzerik ez dute, hor dago haien arrakastaren gakoa–.


Memòria vintage galdutako garai baten azterketa subjektiboa da, memoriaren eta egilearen interes eta gustu pertsonalen bidez egina. Horrela, denboraldi baten kronika kultural eta sentimentala da, eta, aldi berean, pertsonaia baten edo subjektu baten eraikitze konplexu eta zentrorik gabea. Euskal Herrian ez dugula Vicenç Pagès bezalakorik erratekotan egon naiz, baina entziklopediatik baduen hiztegi eder honek ezinbertzean Aritz Galarragaren Gogoan dut ekarri dit burura. Hartan ere, memoria pertsonalaren eta kolektiboaren juntabidean gaude. Liburu bakoitzak hartu duen forma ere arrunt adierazgarria da: Vicenç Pagèsek hiztegia hautatu du, goitian aipaturiko diccionari sarreran berak aitortzen baitu “zenbaitek ezin dugu atzendu hiztegien eta entziklopedien seme-alabak garela”; kasik hogei urte gazteago, esaldi solte eta gehienetan motzak nahiago izan ditu Galarragak –ikusmen txarreko norbaitek aforismoekin nahasten ahalko lituzke. Oharra: ez dira–, Twitterreko txioetarik hurbil akaso. Diferentziak gorabehera –eta diferentziak agian ttikiagoak dira orain, Twitter ere vintage bihurtzeko bidean den honetan–, antzekoa den memoria ariketa egiten dute bi idazleek: pertsonala eta kolektiboa, ironikoa eta umoretsua, deszentratua eta kontraerrankorra. Behin baino gehiagotan irakurri beharrekoa, asperduraren kontra, falta edo eskasia edo absentzia betetzeko baizik ez bada ere.






Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Etorkizun barbaroa orain da

Bazterreko ibilbideak