Etorkizun barbaroa orain da

 

    Ezagutu behar nuen, baina ez nuen haren aditzerik. Eta ezagutu behar nuela diot, beldurrezko zenbait filmetan –bigarren mailan betiere, inoiz ez protagonista– ibilia delako, hala nola Vicente Arandaren La novia ensangrentada (Odolez blaituriko ezkongaia, 1972), Eugenio Martinen Una vela para el diablo (Kandela bat deabruarendako, 1973), Carlos Aureden El espanto surge de la tumba (Ikara hilobitik etorri da, 1973) edo Luis Luciaren Zampo y yo (Zampo eta biok, 1966) –tira, ikuspuntu ortodoxo batetik, Zampo y yo ez da beldurraren tiraderan sartzekoa, baina kontuan hartzen badugu pailazo zahar batekin dabilen neska nerabe baten istorioa dela, delako neska hori Ana Belén dela eta gainera filmean kantatu egiten duela, bada, niri aski beldurgarria iduritzen zait kontua–.


Montserrat Julió

           Filmak egin arren –aipatutakoez gainera, 1976an Richar Lesterrek zuzenduriko Robin and Marian pelikulan ere, Sean Connery eta Audrey Hepburnekin batera, agertu zen– batez ere antzerkiko aktorea izan zen Montserrat Julió. 1929an sortua, Espainiako gerra zibilean Kataluniatik alde egin behar izan zuen haren familiak, Frantziara lehendabizi eta gero Txilera. Odisea hura Vida endins. Crònica d’un exili a Xile (Bizitzan barna. Txileko erbestearen kronika) memorietan utzi zuen idatzia. Baina hona, blog honetara ekarri badut, ez da liburu horregatik, ezta filmengatik ere. Franco azken hatsa ematekotan zela, zientzia fikzioko nobela bat argitaratu zuen Juliók, izenburu ezin ederragoa daramana: Memòries d’un futur bàrbar (Etorkizun barbaro bateko memoriak). Eta hemen beti destenorean idazten badugu ere, agian ez da hain lekuz kanpo nobela hori solasera ekarri izana, istorioaren zati handi bat 70eko hamarkadan gertatzen bada ere, narratzailea 2023. urtetik ari baitzaigu idazten: “Hoteleko atezainak ziurtatu dit, gaur goizean, 2023. urtean gaudela. Ez da ausartu asteko eguna zehaztera, ezta hilabetea ere”.


Liburua El trapezi gazteendako bilduman argitaratu zen, zientzia fikzioa gazteendako delako –eta oraindik ere hala egiten da tarteka, Iñigo Ibarraren Ostadar 7310 lekuko–, eta duela ez hainbertze, 2006an, Pagès editors argitaletxeak berreskuratu zuen. Gazteendako bilduma batean ateratako nobela honek gazteen desagerpena kontatzen digu, bertzeak bertze. Mutazio baten ondorioz, lur planetako ugaztun guziek ugaltzeko gaitasuna galdu dute, eta, ondorioz, emeki-emeki desagertzera kondenatuak daude. 2023an memoriak idazten ari den Joan Garriga medikuak –ginekologoa, berez, baina aski agudu galdu zuen lana– badaki ez dela inorendako ari, fite ez dela orri horiek irakurriko dituenik izanen.


Heldu den apokalipsi lasaiaren berri izateak protagonistaren bizi pertsonalaren hondatzea dakar, edo agian bizi pertsonala gainbehera heldu zen lehenagotik, eta etorkizunik gabeko mundua protagonistaren itxaropen faltaren metafora bertzerik ez da. Nobela sortu zeneko testuinguruan kokatuta, izan da erran duena katalanen jaiotze tasa txikiarekiko kezka adierazten duela liburuak –“Katalanik gabe gelditzen ari gara” paratu zion izenburua Francesc Xavier Moralesek El Biblionauta web-orrian egindako iruzkinari–. Hori nolanahi den ere, Juliók marrazten duen akitzen ari den mundu baten portretak ez du indarrik batere galdu; aitzitik, zerbait egitekotan, irabazi egin duela erranen nuke, xarmanki zahartu dela. Urte itxuraz lasai batzuen ondotik, egitura guzien hondamena eta balio guzien uzkailtzea etorriko da: laboreek diruaren tokia hartuko dute, artea merke-merke salduko da, gazte itxura izateko kirurgiak bere loraldia izanen du. Erlijio berri baten sorrera ikusiko du –eta kontatuko digu– Joan Garrigak, noizbait berriz ere planeta populatzera anti-lurretik etorriko diren gizakiengan oinarritzen dena, sinesmen espirituala eta zientziarekiko fedea nahasiz.


Abebooks paradisu ttikia da; batzuetan, egilearen eskaintza (senarrari, argazkikoan) daraman alea erosten ahal baita lau sosen truke.

Harreman guziak galduta, gizakien grabaturiko bozak aditzea eta bere memoriak uztea izanen dira Garrigaren hondarreko eginahalak. Baina horretarako ere teknologia behar da: grabagailua martxan paratzea posible egiten duen argi-indarra akitzearekin eta idazmakinako letrak huts egiten hastearekin ailegatuko da egiazko akabera. Memòries d’un futur bàrbar da Montserrat Juliók idatzi zuen fikzio narratibo bakarra. Pena da, gure munduan oraindik ugaztunak kumeak mundura ekartzeko gauza diren arren, aski hurbil sentitzen baitugu nobela honek aurkezten digun ikuspegia, kolapsora doan mundu batena. Eta, blog honetan, are hurbilago sentitzen dugu inorendako idazten ari ez den Joan Garriga protagonistaren eginahala.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Bazterreko ibilbideak

Memoria vintagearen xarma