Diva baten alfabetoa

 

            Norma Jeane hil zenetik 60 urte igaro diren eta sare sozialetan mundu guzia Andrew Dominicken Blonde filma noraino den misoginoa erabakitzen dabilen honetan, momentu aproposa iduritu zait Marlene Dietrichi buruz zer edo zer irakurtzeko. Zer nahi duzue erratea, Some Like Hot filmean -nire uste arrunt apalean, bistan dena- Marilyn Monroe zaharkitu da gehien eta makurren, eta sekulan ez diot xarmarik igarri mila aldiz ikusiriko Happy birthday, Mr. President hari; izan ere, telebistan ikustean egokitu zaidan aldiro, deserosotasuna eta auzolotsa pixka sortu izan dit egoerak. Laburbiltzeko, egun hauetan, Twitterrek-eta bertzenaz manatzen badute ere, aukeran Blonde Venus nahiago, Blonde baino. Hura, gainera, aise motzagoa da.


 

Marlene Dietrich, Josef von Sterbergen Blonde Venus-en

 

Destenorean -edo, nondik begiratzen zaion, ez hain tenorez kanpo: haren heriotzaren 30. urteurrena bete baita aurten- etorri zaidan Marlene Dietrichi buruz iritzi dezente idatzi dira, eta aski kontrajarriak. Zenbaitek anbiguotasun eta askatasun sexualaren ikonotako daukate, bai haren lanetan -gogora dezagun Morocco filmeko musu famatu hura- bai haren bizitzan pribatuan -gizonek eta emaztekiek osatu zuten haren maitaleen zerrenda luzea-. Badira, halere, bertzelako irudiak: Maria Rivak ehunka orrialde behar izan zituen amak utzitako arrangura kanpora botatzeko. Bien bitartean, Dietrichek berak bere ekarpena egin zuen zenbait liburutan. Memoriak idatzi zituen -Ich bin, Gott sei Dank, Berlinerin (Berlindarra naiz, jainkoari eskerrak)- eta munduaren gaineko ikuspegia alfabetikoki azaldu zuen Das ABC meines Lebens (Nire bizitzaren ABCa) liburuan.

 

Alemanez eman ditut bi liburuen izenak, baina Das ABC, berez, AEBko Doubleday argitaletxearen enkargua izan zen, hasmentan “Illusion of Beauty” izenburupean emaztekiei zuzenduriko aholkuen bilduma izan behar zuena eta, hondarrean, Marlene Dietrich’s ABC (Marlene Dietrichen ABC) bihurtu zena. Memoriena konplikatuxeagoa da, edo nik behinik behin ez dut argitzea lortu: etxean dudan edizioan, arestian aipaturiko titulukoan, lehen orrialdean paratzen du Marlene D. par Marlene Dietrich liburu frantsesetik itzulia dela, zeina AEBko bertsioaren itzulpena baita. Baina Interneten barna Dietrichen memoriak ingelesez bilatuz gero, Marlene izenburu soileko liburua alemanetik ingelesera Salvador Attanasio izeneko itzultzaile batek ekarri zuela gaztigatzen zaigu. Nolanahi den ere, Marlene Dietrichen memorien jatorrizko bertsioa zein den ezin asmatze hori aktorearen konplexutasun eta irristakortasunaren metafora ederra iduritzen zait: gogor saiatuta ere, sekulan ez dugu jakinen zein zen mitifikazioaren geruza guzien azpian zegoen egiazko pertsona, egiazko pertsonarik baldin bazen betiere. Bihurria baitzen Dietrich, eta zaila da haren ate guziak irekiko dituen gakordea aurkitzea (txistea harrapatu duenak igor diezadala mezu pribatu bat Twitterreko kontura).

 

Morocco-ko musu ospetsua.

 

Mitifikazioa aipatu dut, hori baita, azken buruan, Das ABC meines Lebens liburuan egiten duena: pieza batzuk paratu, diva baten irudia eraikitzeko. Eta diva diogularik, uler bedi denbora eta espazio jakin bati loturiko kontzeptua. Geroago bertze kontzeptu batzuk -ez nahitaez makurragoak- etorri behar baitira divarenaren tokia hartzera. Estatu Batuetan bizi den zinemaren dama zahar europar baten irudia da alfabeto horretan osatzen ikusten duguna. Dama kultua: bere idazle kutunen berri ematen digu, gehien-gehienak alemanak -Rilke (“poeta izatearen nire eredua”), Goethe (“Nire idoloa”), Heine, Kant- baina badira bertzelakoak ere: Raymond Radiguet, Knut Hamsun (“Nire lehen maitasun literarioa”), Ernest Hemingway, nahiz eta iduri lukeen hau batez ere adiskidetasunagatik ageri dela (“Nire Gibraltarreko Haitz perstonala”).

 

Badira, heziketa oneko europar sofistikatu bati dagokion bezala, amerikarren ohiturei buruzko ohar arinki ironikoak (“Steak: amerikar bat gogotsu mintzatzen bada afari zoragarri batez, ez da igarlea izan behar jakiteko zer zerbitzatu duten”; “Hanburgesa: prestatzeko erraza, jateko erraza, AEBko edozein menutan aurkitzeko erraza, Hanburgok ez du berarekin deus ikustekorik”), bai eta alde friboloa erakusteko balio dutenak ere (“Martini: arrunt eszeptikoa naiz beren Martinia bazkaltzeko mahaira ekartzen duten gizonei buruz”; “Ohitura: maiz maitasunarekin nahasten da”). Eta Alemaniatik erbesteraturiko aleman batengandik espero litekeen bezala, hizkuntza ere kezka du Marlene Dietrichek. Ez dira guti alemanierari egiten dizkion erreferentziak, eta behin baino gehiagotan itzulezintasuna izaten du mintzagai. Rilkeren poemak, konparaziorako, “itzuliak izan dira - erran nahi baita, haren poemak itzultzen saiatu dira. Ezinezkoa da haren estiloaren edertasuna bertze hizkuntza batera ekartzea, baina eginahal guziak eskertzekoak dira”. Sehnsucht kontzeptua ere ez da erraza bertze hizkuntzetara eramaten, “horregatik irudipena dut ez duela benetan Sehnsucht sentimendu horri nostalgia deitzen dionak”. 

 

Marlene Dietrich, Erich Maria Remarquerekin

 

Infinituraino segitzen ahalko genuke, baina idazle, aktore, zinema zuzendari eta bertzelako artisten aipuen artean, sukaldeko errezeta eta uneoro egoki janzteko aholkuen artean, eta dudarik gabe gure eginen genituzken gogoeten artean (“Maitasun fisikoa: herri batek gazteek maitasun fisikoa erru sentimentuarekin lotzea onartzen badu, orduan belaunaldi erikorra hezten ari da”), harridura sortzen du zenbat aldiz adierazten duen feminitateari buruzko ideia aski zaharkituak (“Kozinatu: emazteki ororen berezko talentua. Sortzetiko ama sena da horren oinarria”; “Sukaldea: ez zaizkit sukalde modernoak gustatzen, txikiak eta aseptikoak. Sukalde ideala espazio bat da, familia osoa elkartu dadin balio duena, emaztea kozinatzen ari den bitartean”), edo emazte ona izateko nolako aholku tradizionalak ematen dituen. Harridura sortzen duen bezala erraten duelarik landa eremuko etxe batean bizi nahiko lukeela -eta irudiari ez zaio topiko bakar bat ere falta- eta otorduak jende anitzendako prestatu nahiko lituzkeela irakurtzeak. Susmoa dut, normaltasunaren deskripzioan eta normala izateko desioa adierazte horretan ikusten dugula liburuaren izaera fikzionala. Marlene Dietrichek ez daki zer den normala izatea, eta bere alfabetoan sartzea komeni uste zaion normaltasun hori sartu ahal izateko eskuar zituen topikoak hartu behar izan ditu.

 

 Das ABC meines Lebens, neurri handi batean, autofikzio liburua da, Twitter sortu baino lehenagoko Twitterreko profil bat, tarteka nahiko txio sakonez osatua, tarteka fribolitate puntu bat ere baduena. Adinean aitzinera doan artista bat, goi mailako kultura eta heziketaren erakustaldia egiten duena, bere zaletasun eta maitasunen berri ematen diguna baina akaso, hain zuzen ere Doubleday argitaletxeak eskatu zion horretan, emaztekiei aholkuak emateko eginahalean alegia, huts egiten duena. Eta halere, irakurlea harrapatzen duen liburua da, han-hemenka perla malenkoniatsuak altxatuak baititu: “Irria: noizbait ohartzen gara, bat-batean, gogoratzen dugun zerbait dela irri egitea, eta, garai batean, gu geroni ginela irri egiten genuenak”.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Etorkizun barbaroa orain da

Bazterreko ibilbideak

Memoria vintagearen xarma