Gure bihotzak bum, bum egiten duelarik

 

Trenet, gaztetan


Georges Perecek zioen –eta erranen nuke Je suis né bilduman dioela, baina izan liteke Penser / classer bilduman ere; jakiteko, liburua bilatu beharko nuke, baina lehenagoko sarrera irakurri zutenek badakite nire liburutegia ez dela erraza– bere izena ahoskatutakoan, entzuleak edo Pérec edo Perrec idazten zuela. Lehen e horren ahoskerak ortografian eskatzen duen azentuaren falta azaltzeko, Perecek zioen falta horrek, eskasia horrek, absentzia horrek bere iragan juduarekin zeukan harremana adierazteko balio zuela –Perec, nonbait, Peretz sefardiaren bertsio frantsestua da–. Holokaustoak-edo utzitako hutsunea adierazteko.

Charles Treneten deituran ere antzeko dilema dugu. Izan ere, bitara ikusten ahal dugu Interneten, Charles Trenet eta Charles Trénet. Jean Philippe Ségotek eskaini dion biografian –ebook formatuan, bederen– Charles Trénet à ciel ouvert irakurtzen dugu azaleko izenburuan, baina barneko testuan beti da azenturik gabeko Charles Trenet. Frantziako Akademiari kontsulta egin ondotik, orain badakit Trenet dela ortografia zuzena eta hala agertzen dela agiri ofizial guzietan, baina ahoskera Trénet denez, ez dela arraroa azentu eta guzi idaztea. Treneten kasuan, deituraren idazkera ez dago iragan traumatiko bati lotua. Apeta bat da. Salbuespena. Trénet erran behar da, baina Trenet idatzi. 


Trenet azentuduna


Bere denbora librean euskal intelektualarena egiteko joera izan duen adin jakin bateko gizon zuria izanik –bai, nire sakelakoa 666tik hasten da–, Frantziako abeslariren bat gustuko izatekotan, uste dut Georges Brassens edo Georges Moustaki izan beharko nituzkeela gustuko. Musikari engaiaturen bat, alegia. Charles Trenet dut gogoko, ordea. 

1913an sortua –duela 110 urte; agian ez naiz hain destenorean idazten ari–, aita, Lucien Trenet, katalana zuen, Perinyàkoa, eta ama, Marie-Louise Caussat, Narbonakoa, eta Narbonan dago oraindi ikusgai Treneten sortetxea. 1930eko hamarkadan iraultza ekarriko zuen musika frantsesera, orduan modan zen estilo errealista eta triste samarraren ordez, bizipozari eta argiari kantatuz. 2001ean hil artio, horixe, bizipoza alegia, izanen litzateke haren gai nagusietarik, arduragabekeria eta fribolitate uki batekin beti: Y a d’la joie / Bonjour bonjour les hirondelles / Y a d’la joie / Dans le ciel par dessus le toit / Y a d’la joie / Et du soleil dans les ruelles / Y a d’la joie / Partout y a d’la joie (Bada poza / Egun on egun on enarak / Bada poza / Zeruan eta teilatu gainean / Bada poza / Eta eguzkia karriketan / Bada poza / Nonahi bada poza) dio kanta batek, edo bertze batek kontatzen digu unibertso osoa taupadaka ari dela gurekin batera “quand notre coeur fait boum, boum” (gure bihotzak bum, bum egiten duelarik).  

Haurra zelarik barnetegi batean izandako esperientzia traumatikoaren ondotik, nonbait erabaki zuen umetan ez bazioten ume izatera utzi, orduan heldutan izanen zuela ume izateko astia. Horra, sinetsi nahi duenarendako, haren kanten estilo jostalariaren iturria eta beti alde ona ikusteko eginalaharen motiboa. Bi urte haiek, berriz, beren arrastoa utzi zuten, eta ez dira guti abesti nostalgikoak edo haurtzaoari begirada gazi-gozoa botatzen diotenak. Alta bada, abestietako nostalgiak artifiziala iduri du anitzetan, lau osagai aski topikorekin osatua –haurtzaroko herrixka, eliza, zerua–, baina, halere, eraginkorra. Zer gelditzen da gure maitasunetik, bizi izandakotik, galdegiten du Que reste-t-il de nos amours? abestian: “un petit village / un vieux clocher / un paysage / si bien caché / et dans un nuage / le cher visage / de mon passé” (herri ttiki bat / ezkila-dorre zahar bat / ikuspegi bat / hain ongi altxatua / eta goibel batean / nire iraganaren / aurpegi maitea). Eta badaki pizten agian oraindik ez baina noizbait denok sentituko dugun nostalgia: “Je suis pas poète / Mais suis ému / Et dans ma tête / Y a des souvenirs jamais perdus. / Un soir d’hiver / Une musique / Des yeux très doux / Les tiens, maman” (Ez naiz poeta / Baina hunkitua nago / Eta buruan / Oroitzapenak, sekulan ez galduak. / Neguko arratsalde bat / Musika bat / Arrunt begi gozoak / Zureak, ama), dio Ménilmontant abestian.


Gure bihotzak bum, bum egiten duelarik...



Geroago etorriko diren batzuek ez bezala, Trenetek ez zuen kanta politikorik egin. Baina, tarteka, gauzak erraten zituen, aditu nahi zituenarendako. Adibidez, L’abbé a l’harmonium kantan, barnetegian harmonium bat zutela kontatzen du; elektrikoa ez zenez, apeza hor ibiltzen zen: “Aussi pour le faire fonctionner / Un ecclesiastique, un Abbé pédalait / Mon dieu qu’il pédalait / Qu’il pédalait bien l’Abbé”. Pédaler, bistan dena, ez da soilik pedalei ematea testuinguru honetan.

Bigarren mundu gerraren hasmentan, Trenet hila zelako albistea hedatu zen –fite abeslariak berak zuzenduko zuena–; geroxeago, okupazio alemanaren pean, judua izatea leporatu zioten Vichyko hedabide batzuek –arbasoen agiriak aurkeztu behar izan zituen Gestaporen bulegoan, Parisen–. Horrela, denboraldi batez, bere aurkezpen txartelean paratu zuen “Charles Trenet. Ni mort ni juif”. !982an, Frantziako Akademiarako hautagai izan zen Trenet –ez zuen izendatzea lortuko–; zenbaitek egotzi zioten orduko Kultura Ministroarekin, Jack Langekin zuen harremana baliatu izana bere hautagaitza bulkatzeko. Trenetek gezurtatu zuen Langekin politikaz mintzatzen zenik: “guk antzerkiaz, poesiaz hitz egiten dugu; are kirolaz ere, zeren hain da gizon kultua ezen kirolaz ere arrunt ongi hitz egin dezakeen”. Behar zelarik, eztena ez zuen falta.

Charles Trenet homosexuala zen; Ségotek bere biografian biltzen duen lagun baten testigantzaren arabera, harendako ezkutuka ibili gabe bizi beharreko zerbait zen, baina drama bat egin gabe ere. Treneten beraren hitzetan, “ez dut arazorik gaiaz mintzatzeko. Baina, tira, ez ditut nire flirtak aldizkarietan erakutsi behar ere. Ez naiz Ingalaterrako erreginaren ahizpa!”. Problemak izan zituen, halere. Larriena, 1963an, gazte batzuek pederastiaz akusatu zutelarik; egun batzuk pasatu behar izan zituen kartzelan, hondarrean libre eta errugabe atera bazen ere –Olivier Charneux-ek nobela bat idatzi du aferaz–.


Charles Trenet Georges Brassensekin.


Jacques Brelek erran zuen: “Charles gabe, kontulariak izanen ginateke gu guziak”. Baina iduritzen zait Charles gabe kontulari izanen ziren horiek guziak –edo batzuk bederen–, Brassens, Brel bera, Montand… ezagunagoak direla hura baino. Euskal Herrian, erran nahi baita. Mugaz honaindikoan. Eta bitxia da, Charles Trenet abeslaria edo musikaria baino aise gehiago, poeta aparta delako, hizkuntzarekin jostetan aritzea gustuko duena eta zera bakoitzari solas doia ematea gustatzen zaiona. Gure literaturan, erreferentzia bakarra dut gogoan, Bea Salaberriren Baionak ez daki liburuan –zeina ez baita horretan bakarrik bakarra, bidenabarkoan erranda–. Bistan dena, bertze garai bateko musika da Trenetena. Destenorean aditzekoa, beraz. Blog honetarako egokia, beraz.


Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Etorkizun barbaroa orain da

Bazterreko ibilbideak

Memoria vintagearen xarma